XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal ezkerraren praktika politikoan ez da inoiz teoria sobrante izan.

Esperientzia berriegia zen eta da inori mailegatzeko edo inondik inportatzeko.

Honela, askotan, praktikaren gurdia traba eta galga askorekin ibili da, idien aurretik ez zebilenean.

Praktikari buruzko teoriaren atzerapen hori betetzen saiatu denetakoa dugu Jokin Apalategi.

Iztuetarekin burutu zuen marxisma eta arazo nazionalak, urrats haundi bat suposatu zuen bide honetan.

Lan berri hau ez da obra teorikoa.

Jokinek ezker abertzalearen txosten, eztabaida eta produkzio politiko guzia pazientzi eta lehiaz hurbiletik arakatu du elementu teorikoen bila, ondoren liburuan zehar sistematizazio koerente bat eskaintzeko.

Jose Migel Beñaran, Argalak aurkezten du hiru zati aski berez dituen liburua.

Lehen partean, euskal formazio sozialari buruzko zenbait zehaztasun ematen dizkigu egileak.

Bigarrenean, klase sozialak aztertzen ditu eta, hirugarrenean, euskal nazionalismoa historian zehar modelo desberdin zenbait aztertuz, hala nola, Zumalakarregi edo fuerismo nazionala, Sabino edo kontzientzia nazionala, ETA edo nazionalismo iraultzailea.

Aintzina edo regionalismo nazionala, Enbata edo federalismo nazionala, eta azken aldiko eboluzio iparraldean.

Bigarren eta hirugarren parteek azterketa seriorik merezi lukete.

Gaurkoz aipamen soilarekin konformatuko gara.

Zientzi sozialen alorrean funtsezko gairik bada klase sozialena da.

Ortzik bere liburu batetan ikuspuntu historiko batetatik aztertu zituen euskal klase sozialak.

Beltzak, ondoren, metodo konparatiboak erabili zituen euskal klaseak aztertzeko.

Europako minoria nazionalei buruzko lanak erabiliz.

Nuñezek, metodo kuantitatiboez baliatuz, beste azterketa interesgarri bat eskaini digu berriki.

Oraingoan Apalategik klase sozialen azterketa politikoa eskaintzen digu.

Klase eta frakzioen klasifikazioa interesagarria da guziz, eta ateratzen diren ondorenak polemikarik sortuko dutelakoan gaude.

Lan honek eskema edo bozeto itxura du.

Ez da beraz ezer definitiborik eskaintzen, eta gaiak oraindik liburu astunik sortuko du, ez da dudarik.

Hirugarren partea da liburuari batasuna eta pisua ematen diona.

Iparraldeko mugimenduei eta ETAren eboluzioari buruzkoak dira interesgarrienak.

Azken aldiko eboluzio aberatsaren sintesis argitsuetan, errealitatea erreduzitu ordez honen konplesotasuna, den horretan agertzeko borondatean, eskema eginak apurtuz arazoak plazaratzeko modu ausartetan, zenbait konklusio orijinaletan gure historiari, parte hartuz, jarraitzen zaion pentsalari bezala ageri zaigu Apalalegi, bere lana zer den ongi dakien, bere lekua zein den ikasia duen militante bezala.

Editions Elkar.